lunes, 22 de diciembre de 2008

SANTO TOMAS EGUNA


Egun hontan hainbat herri trikiti soinuz, baserritar jantzitako biztanleez eta talo usain goxoz jazten zaizkigu. Egun hau bai gazteentzat eta bai helduentzat jai alaian murgiltzeko aitzakia bikaina da.
Animalia batek ere zerikusi zuzen du euskaldunon egun honekin: txerriak hain zuzen ere. Animalia hauek kalean aurki ditzazkegu festa guzti honetan sartuta.
Abenduak 21ak beraz, euskal herri osoa mugitu du. Horren adibide ditugu, Azpeitia, Donostia, Bilbo, Lasarte-Oria eta abar. Feria on bat ikusi, giro alaian murgildu eta talo batzuk jan nahi badituzue hurrengo urterako plan bikaina dela gogoratu!

zenbakiak abestuz


Gainera datozkigun egun hauetan jende askok gustuko duen joku bat aurkitzen dugu. Miloika jendek esperantza guztiak zenbaki batzuetan ezarriz boletoak erosten ditu eta egun jakin batzuetako goizean umetxo kantariak entzun ditzakegu bolatxoetako zenbakiak abestuz etxean, irratian, tabernan... Ondoren txanpana zabalduz espainiako leku ezberdinetako biztanleak aurki ditzakegu pozez txoratzen.
Bai loteriaren egunda dugu. Gustatu edo ez hor dago eta jokatzen ez dutenek ere egun honen euforia zati bat irentsi behar dute.

domingo, 14 de diciembre de 2008

Street Girls taldea berriz egurra ematen hasteko prest


Zenbait urte oholtzaz oholtza aritu ostean, duela pare bat hilabete kaleko neska hauek agurtu egin ziren, beraien azken kontzertua izango zena eskainiz Zaldibarren. Baina betirako agur esate horrek min ematen zien taldeko partaide batzuri, eta taldearen bizia luzatzea erabaki zuten. Horretarako taldekide berria bilatu eta ensaiatzen hasia da jada laukotea, ahalik eta azkarren berriz oholtza gainean egon ahal izateko.

Adi egon Punk-Oi! doinuen zaleak zaretenok, aurki Street Girls laukotea berriz egurra ematen izango baita oholtzaz-oholtza.

Gaztetxea beharrezko ote?

Gaztetxeen inguruan hizketan hasi garen honetan, inkesta bat egitea otu zaigu. Izan ere, lokal bat gaztetxe gisa erabiltzeko okupatzen den bakoitzean istiluak sortzen dira jendearen artean, batzuk honen aurka eta beste batzuk alde. Gaurkoan Markinako hiru gazteri galdetu diegu honen inguruan, eta beraien erantzunetatik atera dugun emaitza zera da, beharrezkoa ikusten dutela gune propio baten beharra beraien eginkizunak aurrera eraman ahal izateko.
Hona hemen bakoitzak esandakoa:



"Gazteok eskubidea daukagu gure gune propio bat izateko. Ez bakarrik jaiak eta kontzertuak egiteko, baizik eta gazteon aisialdia betetzeko, hainbat ekimen burutzeko, elkarrekin erlazionatzeko, etab."
Jone Lejardi.





"Zaharrek zaharretxea daukate, haurrek haurtzaindegia...eta gazteok zer? Guk ere egoteko eta elkar ezagutzeko toki baten premia dugula ezin ukatu, eta gainera gai gara autogestioaz gaztetxe bat aurrera eramateko."
Patricia Albizu.







"Udalak inolako zereginik betetzen ez duten hainbat edifizio dauzka, eta horietako bati bizitza ematea onuragarria da. Gaztetxeak hainbat funtzio betetzen ditu herriarentzat, baina jendearengan alde txara soilik ikusteko joera dago."
Naiara Uranga.

Markinako Gaztetxeak ateak zabaldu ditu


Badira jada urte mordoxka MGA izeneko Markina-Xemeingo gazte asanblada sortu zela. Hainbat gorabehera, bizipen, ekintza eta proiektuz beteriko urte guzti hauek, ordea, eman dute euren fruitua eta azkenean ere markiñako gazteek beraien gaztetxea lortu dute. Kontuan izan behar da gaztetxea iazko udaberrian okupatu zutela herriko hainbat gaztek, baina udaletxea eta zenbait herritar zirela medio, oztopoak jarri zizkieten bertan jarraitzeko eta orain arte gazteak kalean egon behar izan dute. Hala ere, azkenean, udaletxerekin akordu batetara heldu eta gaztetxea martxan jartzea lortu da. Hainbaten lan gogorrari esker Akerbeltz Gaztetxeak bere ateak zabaldu zituen aurreko astean, edozein erronkari aurre egiteko prest.

lunes, 8 de diciembre de 2008

GOZO ZALEAK


Gehienei gustatzen zaigu gauza gozoak jatea: opilak, pastelak, txokolatea, karameloak... eta gehienok ados egongo gara opilik eta postrerik gozoenak amonarenak direla esatean. Eta zergaitik da hau honela? Zergaitik dira amonaren opilak gozoenak? Erantzuna garbia da: guk ez dugula denborarik hartzen hainbeste gogoko ditugun errezetak prestatzeko.
Horregatik, eta hau irakurritakoan sukaldaritza saioetan ez hasteko aitzakiarik ez dezazuen izan hona hemen opiltxo goxo batzuen errezeta:

OSAGAIAK:
1.-katilukada bat esnegain
2.-katilukada bat azukre
3.-katilukada bat (edo pixka bat gutXiago) irin
4.-3 arraultze.

URRATSAK
Osagai guztiak ontzi baterat bota, irabiagailuaz nahastu eta labeko bandejaren gainean pila txiki batzuk egin (nahiko bananduta egon behar dute, beroarekin asko zabaltzen direlako).
Labea berotu 10 minutuz eta gero gailetak sartu 175ºtan, gorritu direnean pixka bat atera eta hoztutzen utzi.

ON EGIN!!!!
Gabonak gainean ditugu eta txoko honetan egun hauetan jan eta edaten denaz ez dugula hitz egingo argi dago. Horren ordez, Olentzero izango da gaurko hizpide.

Nor da Olentzero? Gehieneoi jesusen berri ematera etorri zen ikatzkin bat dela esan izan digute bain jar gaitezen pentsatzen... erlijio kristaua gure arbasoengana iritsi baino lehen beste sineskizun batzuk zeuden.

Sineskizun hauek kristautasunaren etorrerak eraldatu egin zituen erabat "sorginduz". Olentzeroren abestiak ditugu horren adibide. Abesti hauetan sarri Olentzeroren itxura mozkor eta tripa handi bat saltzen baitugute. (abestia beheko bideoan entzun dezakezue)

Beraz, kristautasunak bereak ez ziren beste sineskizun euskaldunak bereganatu eta itxuraldatu egin zituen, Olentzero barne. Baina nor ote zen benetako Olentzero ez dago jakiterik.

TXIRRI MIRRI ETA TXIRIBITONEK ABESTURIK

Giro aparta Durangon



Beste urte batez jende mordoxka bildu du euskal liburu eta diska azokak Durangon. Esan daiteke festatxo hau gero eta indar handiagoz hasten dela urtero, nahiz eta, aurten beldur pixka bat izan bere arrakastari zegokionez (izan ere, krisia da gur inguruan gai nagusi) paregabeko giroa izan da eta jende mordoa inguratu da.
Azokaren egun hauek ez dira soilik saltzeko eta materiala erakusteko erabiltzen. Festa eta aldarrikapenaren egunak ere izaten dira. Horrenbeste jende gerturatzen dela aprobetxatuz egunez manifestaldiak egiten baitira eta gauez tabernariek poltxikoak betetzen baitituzte.
Beraz, azoka honek euskarari eta euskal idazle zein abeslariei bultzada emateaz gain, Durangoko herriari bizitasuna eta festa giroa ezartzen dizkio.

domingo, 30 de noviembre de 2008

Barbara Goenaga


Seguru zuetariko batzuk oraindik Goenkale telesaila jarraitzen duzuela, eta besteok ere noizbait jarraitu izango zenutela. Telesaila bere hasieran ikusten zenutenok gogoratuko zarete Ainhoa izeneko neskatilataz, Felix eta Amaiaren alaba zen hartaz. Bada, neskatila txiki horrek Barbara Goenaga du izena, eta honi ere urteak gainera erori zaizkio garai hartatik hona. Hala ere, ondo aprobetxatutako urteak izan dira aktoresa gazte honentzako, pantaila handian eta zinemaren munduan bere lekua egitea lortu baitu.Lana indartsu egitearen ondorioz heldu da dagoen tokira, bidean zehar hainbat telesail, antzerki, laburmetraia eta luzemetraia egin baititu.
Bere azken interpretazioetako bat "Un poco de chocolate" filmean ikusi dezakegu, Unai Elorriaga idazlearen "SPrako tranbia" liburuan oinarritutako filmean hain zuzen ere.

Des-kontrol: Hipokresia eta faxismoaren aurka



Durangoko azokari buruz hitzegiten hasi garen honetan, bertan aurkituko den diska baten berri ematera nator.

Duela egun gutxi kaleratu du Des-kontrol talde Arrasatearrak bere diska berria "Hipokrisia eta faxismoaren aurka" izenpean. Diskari izen hau jartzearen zergatia azkenaldian jasan behar izan dituzten mehatxu eta akusazioei dagokie, izan ere, faxistak direla zabaltzen hasi da Euskal Herrian naiz atzerrian. Honek eragin dituen liskar eta istiluetaz gogaituta, eta esaten den guztia gezurra dela salatzeko, beraien arma indartsuenak hartu eta musika bidez erantzun diote kontu gogaikarri honi. Gainera, hainbat euskal musikariren babesa jaso dute diska grabatzerako orduan. Hona hemen diskarekin batera atera duten komunikatua:

http://des-kontrol.com/komunikatua.htm

Emaitza ikusi nahi? Tori bideoklipa...

Durangoko Azoka




Heldu da berriz ere negua, hotza egunerokotasunaren parte bilakatu da, abendua ate joka daukagu...eta guzti honekin batera, badator aurten ere Durangoko euskal liburu eta diska azoka.

Hilaren bostean zabalduko ditu ateak eta bederatzirarte izango dugu aukera bertan aurkituko ditugun luburu zein diskak ikusi edota erosteko. Hala ere, ezinegonak hartzen duen horietakoa bazara, produktuen katalogoa kontsultatu eta azokaren inguruko berriak irakur ditzakezu web-orrian (www.durangokoazoka.com). Gustoko gauza gehiegi aurkitu daitezke, beraz joan zaitez diru apur bat aurreratzen edo Olentzerori zer eskatu pentsatzen!

lunes, 24 de noviembre de 2008


Honezkero ikusteko aukera izan duzuen bezala Kongoko umeek euskaraz abesten dute telebistan. Hain zuzen ere, Atheticeko abestia da euren ahoetan dabilena.
Egia esateko oso "publizitate" hunkigarria iruditu zait eta horregatik nahi izan dut euren bideoa ezarri gure orrialdetxo honetan.
Norbaiti argi gelditu ez bazaio ere, argi utzi nahi dut ume hauek gatazkaren erdian abesti hau abestearen arrazoia esker ona adieraztea besterik ez dela. Izan ere Athletic-ek kirol-materiala bidali zien eurei ONG baten bidez.

Ez al duzue uste ume hauengatik irakasteko asko dugula. Nire iritziz bai, eta gainera, gero eta gehiago krisi ekonomiko hau aurrera doan einean. Zergatik? erantzuna garbia da. Batzuetan ez da askorik behar izaten pozik egoteko eta denok ikasi beharko genuke emozio txikienak ere azken zirrikituraino gozatzen gatazkak eta arazoak ahal den neurrian ahaztuz.

gezurrezko pistak



Orain dela bi urte inguru Veleiako aztarnategian (Araba) euskarari indar handia emango zion ikerkuntza bat burutu zen: ustez III. Mendekoak ziren euskal idazki batzuk agertu baitziren.Aurkikuntza honi sekulako garantiza eman zitzaion hasieratik izan ere, sekula agertutako euskal idatzirik zaharrenak liratekeen.
Baina laster hasi ziren aurkikuntza honen sinesgarritasuna zalantzan jartzen zuten zurrumurruak. Azkenean, zenbait ikerketaren ondoren, aste honetan idazkun haiek faltsuak direla ondorioztatu dute Arabako Aldundiko adituek.
Beraz. aurkikuntza horiek «gezurrezkoak» dira eta idazkunak «manipulatuta» daude. Ikerlarien ustez, oso litekeena da objektu horiek orain dela bi urte aurkitu zituztenean egin izana izkribuak eta hau egiaztatzeko ikerketak aurrera doaz, manipulazio hauek nortzuk egin ote dituzten argitzeko.

domingo, 23 de noviembre de 2008

Euskarazko High School musical


16 urteko neska mutilen udaleku bat da eta apaizak dira beronen zuzendari. Denbora asko ematen dute abesten eta dantzatzen... bai bai! Go!azen musikalaz ari naiz. Hain zuzen ere, euskaraz filmatu den lehenengo musikala dugu hau eta orain dela denbora gutxi estreinatu denez egokia iruditu zait gure txokoan lekutxo bat eskaintzea.
lan hau Euskal Herriko hainbat tokitan grabatau da baina batipat Azpeitia eta Hernanin.

Lan honek dakarren berritasuna, pelikulan, istorioarekin bat, hainbat euskal kanta ezagunen koreografiak agertzea da. Hauen artean, «Lau Teilatu» eta «Aitormena» klasikoak daude. Baina baita arrakasta handiko beste kanta batzuk ere: Ken Zazpiren «Ilargia» eta The Uski's-en «Horrelako». Pelikularako espresuki egindako bi kanta ere badira: «Go!azen» izenburua duena bata eta rap estiloko «Futbola eta lehia» bestea. Guztira, hamaika dira pelikula osatzen duten musika saioak.

Amaitzeko filma ikustera gonbidatzea geratzen zait. gainera, High School musical atsegin baduzue ziur gustatuko zaizuela izan ere musikal horretan hartu du oinarria euskarazko honek.

domingo, 16 de noviembre de 2008

Mikel Laboa



Gaurkoan Euskal kulturaren ikono bilakatu den gizon honekin gatoz. Mikel Laboak bere bizi guztian zehar egindako lana dela eta, Gipuzkoako Urrezko Domina berari emango diote aurten, ondo merezita daukan saria duelarik. Izan ere, euskal kulturaren aldeko lan ugari burutu ditu Laboak, horien artean "ez dok hamairu" taldean parte hartzea adibidez, frankismoaren ostean goibel zegoen euskal kultura indarberritzeko. Domina honekin bere lan guztia sarituko zaio.


Bere kanturen bat entzuteko gogoz egongo da zuetako batenbat ezta? Ba zuen nahiak asetzerko asmoz, hona hemen bat...


I BERTSU

Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Sustrai Colina, Karlos Aizpurua, Odei Barroso, Miren Artetxe, Xumai Murua, Ekhi Erremundegi.

Asteburu honetan euskal bertsolaritzaren historian beste atal bat idatzi da Donibane Loitzuneko Jai Alai frontoian, bertan ospatu baitzen atzo Ipar Euskal Herriko lehen bertsolari txapelketaren finala.

2000 ikusle baino gehiagok frogatu ahal izan zuten bezala, 8 finalistak oso ongi aritu ziren baina beti lez, atzo ere txapela bakarrak eraman behar zuen eta 4 orduko saioaren ondoren, Amets Arzallusek bereganatu zuen. Hona hemen Ametsen bertso hunkigarrietako bat:

Hartu karga bat
bizkar gainean
ta joaten zen aldez alde
egia erran
izango ziren
ilunpetako artalde
frogamenduak
edozein gauza
nagusien baten galde
beste aldera
iritsten diren
nekatua eta ahalge
ta gau batean
han gelditu zen
pausurik luzatu gabe
eta geroztik
mendi hontara
etortzen nahiz ni suabe
hara aitatxi
zer kontra esan
zer zoritxar zer nahigabe
kasko honetan
sarik ez dago
eta txakurrak hemen daude


Oraindik gauza ziurra ez den arren uste da hemendik bi urtetara ospatuko dela bigarren txapelketa.

lunes, 10 de noviembre de 2008

nolakoak ote??



Aurreraxeago aipatu dugu euskaldunok jatea asko atsegin dugula baina horrekin batera afizio ugari ditugu eta hauetako bat festa egitean datza.
Baina urteetan zehar euskal gazteen festarako modua ere aldatzen joan da, esaterako, gure aiton-amonen garaian erromerietan elkartzen ziren dantzarako gertu. Gaur egun aldiz, kontzertu eta tabernetan elkartzen gara eta dantza egiteaz gain beste asmo batzuk izaten ditugu. Noski, ez naiz ausartzen asmo hauek aipatzera izan ere milaka izan daitezke eta pertsona bakoitzak bereak izango ditu. Hala eta guztiz ere, argi ikusten da egun hauetan gehienei normalean baino apainago irtetea gustatzen zaiela eta gehienek egarririk gabe ere edan egiten dutela.
Nik argi utzi nahi dut neu ere modu honetako festetan murgildu arren ez zaidala modurik egokiena iruditzen, izan ere, denok ados izaten gara juergara irten eta jendea ezagutzea nahi dugula baina benetan ezagut al daiteke pertsona bat egoera honetan? Pentsa dezagun, larunbat gauetan ikusten dugun jendearengan; ezagutzen ditugun bezalakoak al dira benetan? izan ere, alkohola eta bestelako drogak bitarteko direla ezagutzen ditugu eta ezin da ahaztu hauek gure pertsonalitatean eragin nabaria dutela.

domingo, 9 de noviembre de 2008

BEHOBIA - DONOSTIA

argazkian, lehengo Behobia-Donostia lasterketa, 1919an.

Gaur ospatu da Euskal Herrian hain ospetsua dugun "Behobia - Donostia" lasterketaren 44.ekitaldia.Urte guzti hauetan ospe handia lortzen joan da lasterketa hau gure mugez bestelade ere. Honekin batera, parte-hartzaile kopurua ere ikaragarri hazi da.

Goiko argazkian ikusten dugun bezala, 1919ko martxoan lehenengo ekitaldia hau laisterkalari gutxi batzuekin ospatu zenetik 2008. honetan 16.300 korrikalari inguru biltzera iritsi da. Gainera, aipagarria deritzogu ehun gipuzkoarretik batek parte hartu duela aipatzea. lehenengo lasterketa hartan elgoibartar bat izan zen irabazle ordu bat eta 17 minuturen ondoren bera izan baitzen helmugara iristen lehena. Baina gaur egun iada denbora hauek hobetuta daude eta Alberto Juzgadok 59 minutu eta 19 segundutan ezarri zuen orain arteko denborarik onena 1996an.
Gaurko irabazlea berriz, laugarren aldiz jarraian, Txema Martinez Madrildarra izan da.

Jon Arretxe



Literaturaren munduan barneratuz oraingoan, Jon Arretxe idazlearekin natorkizue.
Euskal idazle hau 1963. urteko ekainaren 6an jaio zen Basaurin. Lehen ikasketak amaitzearekin batera, Deustuko Filologia Fakultatean matrikulatu zen eta lizentziatzeaz gain doktoretza atera zuen bertan.Hau gutxi balitz gainera,gero gorputz hezkuntzako ikasketak egin zituen.Bere "Ostegunak" nobelako protagonisten gisa,ikasle bizimoduaren maitale sutsua dugu Jon Arretxe bera ere.

Bere lanen artean ondoko hauek aurkitu genitzake beste askoren artean:
Ostegunak, Ostiralak, Larunbatak, Zazpi kolore, Kleopatra, Manila konexioa, Hakuna matata, Ekialdeko mamuak, Griot, ...

Euskal pastela


Euskaldunok zaletasun asko ditugu,baina horien artean gehienon atseginekoa den bat badaukagu:jatea.Gure lurraldean ondo jaten dugula diote gehienok,eta egia esan,garrantzia edarra ematen diogu gure sabela betetzeari.Horregaitik, gaurkoan, errezeta eder honekin natorkizue.

Behar ditugun osagaiak:
Irina 250 gramo, azukrea 200gramo, gurina 200 gramo, arrautza bat, bi gorringo, cointreau, limoi birrindura, pastel krema, mahaspasak, orejoiak.

Nola egin:

-Nahasketa bat egin azukrea,gurina,irina,gorringoak,limoi birrindura eta Cointreau txorrotada batekin.
-Molde bat hartu eta hau gurina eta irinarekin eztali.Hau egin ondoren, lehen egindako nahasketarekin estali moldea eta hozten utzi.
-Orejoiak eta mahaspasak pastel kremarekin nahasi eta hau moldera bota.
-Lehendabizi egindako nahasketa berriz hartu,eta moldea estali gelditzen den masarekin.
-Arrautza irabiatu eta hau pastel gainean zabaldu pintzel baten laguntzarekin.
-Azkenik,pastela 45 minutuz labean eduki tenperatura altuan.

Eta orain onena...gosea asetzera!

domingo, 2 de noviembre de 2008

HERRI KIROLAK


Aurrez aipatu dugu bertsolaritza euskal kulturaren zati garrantzitsua dela, entretenimendu gisa erabili izan duguna. Aisialdian bertsolaritza adina garrantzi dute herri kirolek.
Kirol hauek, ia erabat, gure mugen artean sortu eta praktikatzen diren kirol berezi batzuk dira, garai bateko euskaldunen eguneroko bizimoduko ohitura edo betebeeharretan oinarrituak.
Mota askotako kirolak sar genitzake multzo honetan: aizkora-probak, lokotx-biltzea, harri jasotzea...
Orokorrean baserri munduarekin erlazionatzen dira eta herriko plaza, frontoi eta antzekoetan lehiatzen dira.
Ez daukate futbola edo antzeko kirolen proiekzio mediatiko edo tiradarik baina ez sakrifizio gutxiago eskatzen dutelako.


Informzio gehiagorako bisitatu: herri-kirolak.org


Nork ez daki zer den Goenkale? Euskal Herrian arrakasta gehien izan duen euskal telesaila dugu, 15 denboraldi igaro dira sortu zenetik eta oraindik hamaika saltsa daude bor-borrean Arralden.
Euskaldun ugarik ezin izaten dute oheratu telesaila amaitu arte eta beste batzuk iada aspertuta dauden arren inork ez dio meriturik kentzen.
Nire aburuz, oso pozgarria da euskara soilean eginiko telesailek biziraun dezaketela erakustea. Euskara komunikatzeko erabiltzeaz gain entretenitzeko ere erabil dezakegula erakustea hain zuzen ere.
Gainera, istorio polita den ala ez kontuan artu gabe euskara batua bultzatzeko tresna apala da telesail hau. Aiton-amonek ez baitute euskaraz irakurtzeko ohitura eta erraztasunik, eta beraz, honen laguntzaz ikasi dute euskara batua ulertzen.
Guzti honengatik eta ebste hainbat arrazoigatik eskeini diogu blogaren ataltxo hau Boga-Boga eta bere inguruari.

martes, 28 de octubre de 2008

BERTSOAK

Gizakiontzat komunikatzea zearo garrantzitsua da. Uneoro komunikatu nahi dugu zerbait: haserrea, poza, zerbaiten beharra... eta historian zehar honetarako era ezberdinak aurkitu ditugu: keinuen bidez, marrazkiak erabiliz, letrak idatzi eta irakurriz... abestea ere entretenitzeko era batez gain, komunikatzeko forma bat da.

Horrela bada XIX.mendetik aurrera Euskal Herrian beste komunikazio mota bat sortu zen: bertsolaritza. Garai hartako bertsoak karlista eta liberalen aldekoak zein kubako independentzia-gerrari buruzkoak ziren baina denborak aurrera egin ahala gaiak zabalduz joan dira eta gaur egun iada gauza askori buruz abesten da.

Lehenengo bertsolari ezagunenen artean Xenpelar dugu aipagarriena baina ezin ditugu alde batera utzi Iparragirre, Bilintx, Etxahun eta abar.


domingo, 26 de octubre de 2008

oteiza, 100 urte




Aste honetan (urriaren 21) Jorge Oteiza euskal artista ospetsua jaio zela 100 bete dira. 100 urte... mende bat! denbora guzti honetan zehar obra garrantzitsu ugari utzi dizkigu Oteizak. Baina ba al dakizue hasieran medikuntza ikasketak burutzen hasi zela? eskerrak gerora ideiak aldatu eta ikasketa hauek alde batera utzi zituen bestela gaur egun ez genuen bere obra eta ekintza ugariz gozatzeko aukerarik izango.

Orion jaio eta ia bizi guztia Zarautzen bizi izan zen arren ez zen geldik egoteko gizona eta aipatutako medikuntza ikasketak Madrilen hasi zen burutzen. Ondoren, Ameriketan egon zen, Gerra Zibila hasi zenean han baitzegoen, eta beraz, bertan geratu baitzen bizitzen(1935-46). Hain zuzen ere, Ameriketan hasi zen eskultura eta estetika inguruko teoriak hausanartzen.

http://www.oriora.com/Kultura/Jenioak/Oteiza

Ostiada Oi taldearen hamargarren urteurrena




10 urte bete ditu jada Ostiada Oi! talde Gipuzkoarrak.1998an bost lagun batu eta Oi! doinuak jorratzen hasi ziren dibertitzeko asmoarekin eta ondo pasatzeko denborapasa bat bezala hartuz,konturatu orduko hamar urte pasa zaizkielarik taulaz taula.
Gogor hasi zen boskotea laurogeita hamargarren hamarkada amaieran,beraien burua Behin betiko izeneko diskarekin ezagutzera eman zutelarik skin mugimenduan.Hala eta guztiz ere,azkenaldian geldirik egon dira eta aspalditik ez dugu aukerarik izan hauen kontzertu batetaz gozatzeko.Baina hamar urte ez direnez egunero betetzen berriz ere eszenatokira igo ziren duela bi aste Azpeitin Esnali egindako omenaldian eta atzo Elgetako antzokian (beraien hamargarren urteurrena ospatzeko).Opari ederra egin digute taldearen jarraitzaile guztioi...

lunes, 20 de octubre de 2008

moda



Gaur egun garrantzi handia ematen diogu jazteko erari. Handiegia nire ustez baina nik ez dut horren inguruko eztabaidarik sortu nahi euskal kulturaren txoko honetan.
Bakar-bakarrik historian atzera egin eta zuek pentsatzea nahi dut: nola jantziko ote ziren gure arbasoak?

Egia esateko azterketa sakon bat egin beharko litzateke garai bakoitzean nola jazten ziren jakiteko baina nik zuei zer-pentsa emateko XVI.mendeko euskal emakume baten argazkia jarri dizuet.

domingo, 19 de octubre de 2008

Kutsidazu bidea,Ixabel


Goazen oraingoan literaturari tartetxo bat egitera...
"Kutsidazu bidea Ixabel" izena duen eleberria Joxean Sagastizabal idazlearena da.Bertan Juan Martin gazteak Gipuzkoako herri txiki bateko baserrian izango dituen gorabeherak kontatzen dizkigu.Gazte hau euskaltegian euskara ikasten egon ondoren baserri batetara doa benetako euskara ikasteko asmotan.Bertan euskaldun peto-petoa den familia batekin topo egingo du, eta hainbat abentura biziko ditu baserriko bizitza eta euskera ulertzeko arazoak direla medio.Barrea eragingo dizun liburu baten bila bazabiltza hemen daukazu ezin aproposagoa den bat!


Eleberri hau antzerki obra bilakatua izan da eta istorioan oinarritutako pelikula bat ere egin dute.Hemen flimaren zatitxo bat:

Inkesta

Aurreko gaiarekin jarraituz,inkesta bat egitea pentsatu dugu jendearen artean.Gure galdera honakoxe hau da:Zein euskal pertsonaia mitologiko duzu atseginen?Zergatik?
Hona hemen hiru pertsonak eman dizkiguten erantzunak...


Nik lamiak ditut gogoko.Iaz gainera eskolako lan bat egiteko hauei buruz informazioa bildu beharra izan nuen,eta miretsita utzi ninduen hauei buruz irakurri nuen orok.
Gainera,uste dut,ez diogula arretarik jartzen euskal mitologiari ezta honek utzi dizkigun hainbat kondairari...eta penagarria deritzot.
Aiora Garate.Markina-Xemein


Lotsa apur bat ematen dit onartzeak baina...Olentzerotaz aparte ezer gutxi dakit nik euskal mitologiak dituen pertsonaietaz.Beraz,Olentzerorekin geratzen naiz.Kar kar!
Dzenana Usanovich.Markina-Xemein



Niri Mari eta bere kondaira gustatzen zait,izan ere beti izan ditut gustuko sorginak, sorginkeriak, akelarreak...nahiko sorgina nahiz neu ere,jajaja!
Maitane Aizpuru.Azkoiti

Mari


Gaurkoan euskal mitologian aurkitzen dugun pertsonaia honi buruz hitz egingo dizuegu,Maritaz hain zuzen ere.Honako dama hau lurraren antzirudia da,eta bi seme(Atarrabi eta Mikelats) izan zituen bere senar Maju-rekin.
Diotenez,hainbat kobazulo ditu bizilekutzat,denak gure inguruko mendietan (Anboto,Oiz,Mugarra,Akertegi,Aizkorri,Gorbeia,etab.) eta zazpi urtetik behin kobazuloz aldatzen da suzko bola bat bailitzan argiz inguraturik. Badaki pertsona onak eta gaiztoak ezberdintzen,lehenengoei lurreko emaitza onak eta ur ona emanaz eta bigarrenei aldiz uztak hondatuz.
Jakin beharrekoa dugu gainera beti hikaz itzegin behar zaiola eta bere kobazulotik sartu garen bezalaxe irten behar dugula.Erne beraz!

domingo, 12 de octubre de 2008

"Azoka eguna '08" Markina-Xemeinen


Atzo, urriak 11, "Azoka Eguna" ospatu zen Markina-Xemeinen (Bizkaia). Urtero egiten den urriko azoka deiturikoan eskualdeko hainbat baserritar biltzen dira eta aurten ere han izan ditugu beraien baserriko produktuak, ganadua eta artisau lanak saltzera gerturatu direnak.
Eguraldia lagun izan da gainera eta horrek jende mordoa hurbiltzera animatu du, izan ere, goizean goizetik antzeman zitekeen jendetza zebilela postuz postu herrian zehar. Jakina, egun honek sortutako giroa aitzakitzat hartuz, jende mordoa jai giroan murgildu eta jan-edan polita eginaz itzuli da etxera. Baserritarrak pozik saldutako produktuak direla eta...eta beste hainbat ere pozik, erandako sagardo botilak direla eta.

Delirium Tremens


Gaurko honetan, blog-ari hasiera emateko, Euskal Herriko musika talde batekin natorkizue. Aski ezaguna egingo zaizue "Ikusi eta ikasi" kantua, edozein herritako txosnetan entzun daiteke eta...baina talde honek baditu hainbat perla kantu horretaz gain. Pena merezi du beraiei buruz zertxobait gehiago jakiteak!

Mutrikuar hauek 80.hamarkadan sortu zuten Delirium Tremens izenarekin bataiatutako taldea. "Rock Radical Vasco" delakoa gori-gorian zegoen garai hartan, punk mugimendua sustraitzen hasia zegoen jada gure lurretan, eta mutrikuar hauek ere punk estiloa jorratu zuten atera zituzten disko bietan. Lehenengoko diska "Ikusi eta ikasi" izan zen eta hau atera eta urte betera bigarren lanarekin azaldu ziren gipuzkoar gazteak, "Hiru aeroplano"-rekin hain zuzen ere.

Ikusi eta ikasi kantuaz aparte ez duzula besterik entzun? Lasai txo, hemen daukazu beste bat zure gogoak ase daitezen!




lunes, 6 de octubre de 2008

ONGI ETORRI


Aurrean duzuen blog honetan euskal kulturari lotutako hainbat albiste, erreportaia zein iritzi artikulu kaleratuko ditugu.
Aurrez argi utzi nahi dugu gure nahia ez dela euskal kulturaren historia esplikatzea, baizik eta honekin lotuta dauden hainbat gai guztiz ezberdin jorratzea. Esaterako, egun batean filme baten laburpena aurki dezakezue eta hurrengo egunean aldiz abeslari bati eginiko elkarrizketa bat.
Beraz, ez gara zentratuko gai bakar batean uste baitugu modu honetan dibertigarria eta irakurterrezagoa izateaz gain, gustu ezberdinetako jendea asetzeko gai izango garela.
Besterik gabe, espero dugu blog hau guztion gustukoa izatea.