martes, 28 de octubre de 2008

BERTSOAK

Gizakiontzat komunikatzea zearo garrantzitsua da. Uneoro komunikatu nahi dugu zerbait: haserrea, poza, zerbaiten beharra... eta historian zehar honetarako era ezberdinak aurkitu ditugu: keinuen bidez, marrazkiak erabiliz, letrak idatzi eta irakurriz... abestea ere entretenitzeko era batez gain, komunikatzeko forma bat da.

Horrela bada XIX.mendetik aurrera Euskal Herrian beste komunikazio mota bat sortu zen: bertsolaritza. Garai hartako bertsoak karlista eta liberalen aldekoak zein kubako independentzia-gerrari buruzkoak ziren baina denborak aurrera egin ahala gaiak zabalduz joan dira eta gaur egun iada gauza askori buruz abesten da.

Lehenengo bertsolari ezagunenen artean Xenpelar dugu aipagarriena baina ezin ditugu alde batera utzi Iparragirre, Bilintx, Etxahun eta abar.


domingo, 26 de octubre de 2008

oteiza, 100 urte




Aste honetan (urriaren 21) Jorge Oteiza euskal artista ospetsua jaio zela 100 bete dira. 100 urte... mende bat! denbora guzti honetan zehar obra garrantzitsu ugari utzi dizkigu Oteizak. Baina ba al dakizue hasieran medikuntza ikasketak burutzen hasi zela? eskerrak gerora ideiak aldatu eta ikasketa hauek alde batera utzi zituen bestela gaur egun ez genuen bere obra eta ekintza ugariz gozatzeko aukerarik izango.

Orion jaio eta ia bizi guztia Zarautzen bizi izan zen arren ez zen geldik egoteko gizona eta aipatutako medikuntza ikasketak Madrilen hasi zen burutzen. Ondoren, Ameriketan egon zen, Gerra Zibila hasi zenean han baitzegoen, eta beraz, bertan geratu baitzen bizitzen(1935-46). Hain zuzen ere, Ameriketan hasi zen eskultura eta estetika inguruko teoriak hausanartzen.

http://www.oriora.com/Kultura/Jenioak/Oteiza

Ostiada Oi taldearen hamargarren urteurrena




10 urte bete ditu jada Ostiada Oi! talde Gipuzkoarrak.1998an bost lagun batu eta Oi! doinuak jorratzen hasi ziren dibertitzeko asmoarekin eta ondo pasatzeko denborapasa bat bezala hartuz,konturatu orduko hamar urte pasa zaizkielarik taulaz taula.
Gogor hasi zen boskotea laurogeita hamargarren hamarkada amaieran,beraien burua Behin betiko izeneko diskarekin ezagutzera eman zutelarik skin mugimenduan.Hala eta guztiz ere,azkenaldian geldirik egon dira eta aspalditik ez dugu aukerarik izan hauen kontzertu batetaz gozatzeko.Baina hamar urte ez direnez egunero betetzen berriz ere eszenatokira igo ziren duela bi aste Azpeitin Esnali egindako omenaldian eta atzo Elgetako antzokian (beraien hamargarren urteurrena ospatzeko).Opari ederra egin digute taldearen jarraitzaile guztioi...

lunes, 20 de octubre de 2008

moda



Gaur egun garrantzi handia ematen diogu jazteko erari. Handiegia nire ustez baina nik ez dut horren inguruko eztabaidarik sortu nahi euskal kulturaren txoko honetan.
Bakar-bakarrik historian atzera egin eta zuek pentsatzea nahi dut: nola jantziko ote ziren gure arbasoak?

Egia esateko azterketa sakon bat egin beharko litzateke garai bakoitzean nola jazten ziren jakiteko baina nik zuei zer-pentsa emateko XVI.mendeko euskal emakume baten argazkia jarri dizuet.

domingo, 19 de octubre de 2008

Kutsidazu bidea,Ixabel


Goazen oraingoan literaturari tartetxo bat egitera...
"Kutsidazu bidea Ixabel" izena duen eleberria Joxean Sagastizabal idazlearena da.Bertan Juan Martin gazteak Gipuzkoako herri txiki bateko baserrian izango dituen gorabeherak kontatzen dizkigu.Gazte hau euskaltegian euskara ikasten egon ondoren baserri batetara doa benetako euskara ikasteko asmotan.Bertan euskaldun peto-petoa den familia batekin topo egingo du, eta hainbat abentura biziko ditu baserriko bizitza eta euskera ulertzeko arazoak direla medio.Barrea eragingo dizun liburu baten bila bazabiltza hemen daukazu ezin aproposagoa den bat!


Eleberri hau antzerki obra bilakatua izan da eta istorioan oinarritutako pelikula bat ere egin dute.Hemen flimaren zatitxo bat:

Inkesta

Aurreko gaiarekin jarraituz,inkesta bat egitea pentsatu dugu jendearen artean.Gure galdera honakoxe hau da:Zein euskal pertsonaia mitologiko duzu atseginen?Zergatik?
Hona hemen hiru pertsonak eman dizkiguten erantzunak...


Nik lamiak ditut gogoko.Iaz gainera eskolako lan bat egiteko hauei buruz informazioa bildu beharra izan nuen,eta miretsita utzi ninduen hauei buruz irakurri nuen orok.
Gainera,uste dut,ez diogula arretarik jartzen euskal mitologiari ezta honek utzi dizkigun hainbat kondairari...eta penagarria deritzot.
Aiora Garate.Markina-Xemein


Lotsa apur bat ematen dit onartzeak baina...Olentzerotaz aparte ezer gutxi dakit nik euskal mitologiak dituen pertsonaietaz.Beraz,Olentzerorekin geratzen naiz.Kar kar!
Dzenana Usanovich.Markina-Xemein



Niri Mari eta bere kondaira gustatzen zait,izan ere beti izan ditut gustuko sorginak, sorginkeriak, akelarreak...nahiko sorgina nahiz neu ere,jajaja!
Maitane Aizpuru.Azkoiti

Mari


Gaurkoan euskal mitologian aurkitzen dugun pertsonaia honi buruz hitz egingo dizuegu,Maritaz hain zuzen ere.Honako dama hau lurraren antzirudia da,eta bi seme(Atarrabi eta Mikelats) izan zituen bere senar Maju-rekin.
Diotenez,hainbat kobazulo ditu bizilekutzat,denak gure inguruko mendietan (Anboto,Oiz,Mugarra,Akertegi,Aizkorri,Gorbeia,etab.) eta zazpi urtetik behin kobazuloz aldatzen da suzko bola bat bailitzan argiz inguraturik. Badaki pertsona onak eta gaiztoak ezberdintzen,lehenengoei lurreko emaitza onak eta ur ona emanaz eta bigarrenei aldiz uztak hondatuz.
Jakin beharrekoa dugu gainera beti hikaz itzegin behar zaiola eta bere kobazulotik sartu garen bezalaxe irten behar dugula.Erne beraz!

domingo, 12 de octubre de 2008

"Azoka eguna '08" Markina-Xemeinen


Atzo, urriak 11, "Azoka Eguna" ospatu zen Markina-Xemeinen (Bizkaia). Urtero egiten den urriko azoka deiturikoan eskualdeko hainbat baserritar biltzen dira eta aurten ere han izan ditugu beraien baserriko produktuak, ganadua eta artisau lanak saltzera gerturatu direnak.
Eguraldia lagun izan da gainera eta horrek jende mordoa hurbiltzera animatu du, izan ere, goizean goizetik antzeman zitekeen jendetza zebilela postuz postu herrian zehar. Jakina, egun honek sortutako giroa aitzakitzat hartuz, jende mordoa jai giroan murgildu eta jan-edan polita eginaz itzuli da etxera. Baserritarrak pozik saldutako produktuak direla eta...eta beste hainbat ere pozik, erandako sagardo botilak direla eta.

Delirium Tremens


Gaurko honetan, blog-ari hasiera emateko, Euskal Herriko musika talde batekin natorkizue. Aski ezaguna egingo zaizue "Ikusi eta ikasi" kantua, edozein herritako txosnetan entzun daiteke eta...baina talde honek baditu hainbat perla kantu horretaz gain. Pena merezi du beraiei buruz zertxobait gehiago jakiteak!

Mutrikuar hauek 80.hamarkadan sortu zuten Delirium Tremens izenarekin bataiatutako taldea. "Rock Radical Vasco" delakoa gori-gorian zegoen garai hartan, punk mugimendua sustraitzen hasia zegoen jada gure lurretan, eta mutrikuar hauek ere punk estiloa jorratu zuten atera zituzten disko bietan. Lehenengoko diska "Ikusi eta ikasi" izan zen eta hau atera eta urte betera bigarren lanarekin azaldu ziren gipuzkoar gazteak, "Hiru aeroplano"-rekin hain zuzen ere.

Ikusi eta ikasi kantuaz aparte ez duzula besterik entzun? Lasai txo, hemen daukazu beste bat zure gogoak ase daitezen!




lunes, 6 de octubre de 2008

ONGI ETORRI


Aurrean duzuen blog honetan euskal kulturari lotutako hainbat albiste, erreportaia zein iritzi artikulu kaleratuko ditugu.
Aurrez argi utzi nahi dugu gure nahia ez dela euskal kulturaren historia esplikatzea, baizik eta honekin lotuta dauden hainbat gai guztiz ezberdin jorratzea. Esaterako, egun batean filme baten laburpena aurki dezakezue eta hurrengo egunean aldiz abeslari bati eginiko elkarrizketa bat.
Beraz, ez gara zentratuko gai bakar batean uste baitugu modu honetan dibertigarria eta irakurterrezagoa izateaz gain, gustu ezberdinetako jendea asetzeko gai izango garela.
Besterik gabe, espero dugu blog hau guztion gustukoa izatea.